Kategoriaren artxiboa: Lehen orria

Tokiko Bildumaren web orrian azken berriak emateko

Arrizar, Arriberri, Erroteta, Santa Barbara auzoetako komertzioak

“Altza 2024” egutegia hornitzeko gertuko komertzioetara jo dugu eta, hasteko, Arrizar, Arriberri, Erroteta eta Santa Barbarako auzoetan azken bost bat hamarkadetan lan egin duten komertzioetara mugatu gara. Argazkiak utzi dizkigutenak hauek dira: Zugasti Jantziak, Calzados ZM, Peñuelo Liburu-denda, Foto Cano, Pastelería Carmentxu, Comestibles Vidal, eta Elizondo, La Cepa eta La Palmera tabernak. Bildutako argazkiak hemen ikus daitezke.

sortze data: 2023-12-15 / eguneratze data: 2023-12-15

Gazte-Leku

Gazte-Lekuren historia 60ko eta 70eko hamarkadetan Santa Barbara eta Erroteta auzoen inguruan izan zen gazte mugimenduarena da. Santa Barbarako jesuiten etxebizitzan (gaur egun La Palmera taberna dena) lehenengo topaketak egiten hasita, Erroteta auzoan Centauro klubarekin jarraituz, Santa Barbarako Gazte-Leku gaztetxearekin amaitzeko. Gazte-Lekuk jarduera ugari garatu zituen urte haietan, hala nola eskubaloia, mendizaletasuna, euskal dantzak, atletismoa, futbola, errugbia, etab. Prozesu hura bizi izan zuten pertsonei egindako 40 elkarrizketa baino gehiagoren bidez, Estibausen kapitulutan argitaratu den istorio txiki hau egin da. Hona hemen horren argazkiak eta dokumentuak.

sortze data: 2023-11-07 / eguneratze data: 2024-01-30

Kororen Herrerako jaietako argazkiak

Koro Manso herreratarrak familiaren argazkiak gordetzen dituen armairua ireki digu eta 70eko eta 80ko hamarkadetako bilduma polit bat partekatu du gurekin, auzoko txoko ezberdinetan eta jai giroan ateratakoak. Bertan ezin dira falta bere hiru seme-alabak eta senarra, Pablo Errazkin, txistularia eta beti prest Herrerarekin zerikusia duen guztia antolatu eta parte hartzeko. Korok Kariñe eta Aitziber alabek eta Pablitok argazkietan janzten dituzten mozorroak josten zituen, eta gaur egun ere jostea da bere zaletasunik handienetako bat.

sortze data: 2023-09-07 / eguneratze data: 2023-11-07

“La Voz de Guipúzcoa, diario republicano”, 1932

La Voz de Guipúzcoa egunkariaren 1932. urteko kronikak, iragarkiak eta eskelen hustuketa egin dugu, baita Altzako Tokiko Bilduman katalogatu. Horien artean, Altzako udalbatzaren kronikak eta iritziak daude, istripuak eta bestelako gertaeren berri, Jolastokietako kirol jarduera eta gainontzeko kirol kontuak. Denera 423 fitxa eta esteka honen bitartez kontsulta daitezke.

sortze data: 2023-06-30 / eguneratze data: 2023-11-30

“La Voz de Guipúzcoa, diario republicano”, 1931

La Voz de Guipúzcoa egunkariaren 1931. urteko kronikak, iragarkiak eta eskelen hustuketa egin dugu, baita Altzako Tokiko Bilduman katalogatu. Horien artean, Altzako udalbatzaren kronikak eta iritziak daude, istripuak eta bestelako gertaeren berri, Jolastokietako kirol jarduera eta gainontzeko kirol kontuak. Denera 437 fitxa eta esteka honen bitartez kontsulta daitezke.

sortze data: 2022-11-30 / eguneratze data: 2023-11-30

Sarroeta-Martutene erakusketa

Ekainaren 6tik 26ra bitartean “Sarroeta-Martutene” erakusketa izango da ikusgai Garberan, Altzako Tokiko Bilduman ikus daitezkeen 245 argazkietatik aukeratutako 27 argazkiz osatutako erakusketa. Erakusketan auzoko bizimoduaren eta giroaren irudiak ikus daitezke, batez ere 40, 50 eta 60ko hamarkadetakoak. Erakusketa auzoko bizilagunen ekarpenari esker egin ahal izan da, eta Francisco Armendariz Otaloraren argazki apartak eta Kutxatekako funtsako batzuk ere ezin ziren falta, hala nola azaleko argazkia, Vicente Martín argazkilariak ateratakoa (Fotocar estudioa).

 

sortze data: 2022-06-06 / eguneratze data: 2022-06-22

“Altza udan” erakusketa Tomasene kultur etxean

Erakusketak, azken hamarkadetako festen oroitzapenak gogora ekartzea du helburu.
Altzako festen inguruan prestatutako erakusketa honetan, hainbat jai omendu nahi dira: Larratxo, Buenavista, Herrera, Oleta, Gaiztarro, Altza Kaskoa, Jolastokieta, Santa Barbara…
Bertan, auzoetako jaietan bizi izan diren une garrantzitsuenetako argazki bilduma ikusi ahal izango dugu: pregoiak, banderen altxatze eta jaistea, San Joan suak, mezak, San Martzial ereserkia…

Erakusketa honek azken hamarkadetako festen oroitzapenak gogora ekartzea du helburu, Altzako auzoetako jai batzordeek antolatutako egitarauak omenduz: Larratxo, Buenavista, Herrera, Oleta, Altza Kaskoa, Jolastokieta, San Barbara, Los Boscos…

Bertan, auzoetako jaietan bizitutako momentu garrantzitsuenetakoen argazki bilduma ikus daiteke: pregoiak, banderen altxatze eta jaistea, San Joan suak, mezak, San Martzial ereserkia…

Argazki, kartel eta programa guztiak Altzako Tokiko Bildumaren webgunean ikus daitezke: “Altzako udak” erakusketa, jai egitarauak, jaien argazki guztiak

Erakusketaren ordutegia:
Ekainaren 14tik irailaren 3 arte
Astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 / 16:00-20:30
Larunbatetan, 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00

sortze data: 2021-06-04 / eguneratze data: 2021-06-15

Intxaurrondo: Ibilaldi bat iraganetik

Intxaurrondo: Ibilaldi bat iraganetik” azaroaren 6etik 21 arte, Garberan ikusgai egongo den argazki-erakusketaren izenburua da. XX. mendeko bigarren zatiaren geroztik Intxaurrondok ezagutu duen bilakaera urbanistiko itzela islatu eta komunitate batean bolondres egiten den lanari toki bat eskaini zaio (auzoko jaiak, kirol eta ekintza kulturalak, auzolanean egindako hainbat lan ere…). Horrekin batera, memorian galtzeko zorian dagoen hainbat irudi eta historia ezagutarazten dira, eta emakumeak bai etxean zein etxez kanpo egiten zuen lanari keinu txiki bat egiten zaio erakusketan. Memoriatik egindako ibilaldi xume eta labur bat da, eta hunkigarria.

sortze data: 2020-11-07 / eguneratze data: 2020-11-07

Altza prentsan (1936-1940)

Pandemiak eta bere ondorioek markatutako egun hauen erdian Tokiko Bilduman Altzarekin lotutako eta prentsa idatzian argitaratuak izan diren 1936 eta 1940 urte bitarteko 1.500 erreferentzia baino gehiago katalogatzeko lana bukatu da. Eskura dagoen prentsa digitalizatuaren –La Voz de Guipúzcoa, Frente Popular , El Diario Vasco, La Voz de España, Unidad eta La Hoja del Lunes– miaketa sistematikoa egin da, eta kronikak transkribatu dira, errazago irakurtzeko eta, batez ere, kontsultatzeko. Udal kronikak, kirolekoak, iragarki ofizialak, propaganda, publizitatea, eskelak… Altxamendu frankistaren aurreko hilabeteetatik gerra amaitu eta Altza Donostiara anexionatu arteko denbora-tarteko gai askotako sorta handi bat.

sortze data: 2020-05-08 / eguneratze data: 2020-05-08

Bizitzaren alde distiratsua

Pandemia eta konfinamendua gorabehera, bizitzaren alde ona distiratzen jarraitzen du, bai alderdi transzendentaletan eta baita xumeenetan ere. Haurtzaroko ibilbideetako gure lagunak gogoratzean zabaltzen dugun irribarrea bezala. Egun hauetan, adibidez, Jesús Cajaravillek Herrerako Sportingek Tokiko Bilduman dituen fitxetan zenbait datu zuzentzeko eta gehitzeko idatzi digu, eta, bide batez, bere klaseko argazki bat bidali digu, Herrerako San Luis-la Salle Ikastetxekoa, gaztetxoa zenekoa.
Konfinamenduak ez dio eragotzi beste kideekin kontsultatu eta argazkiko informazioa osatzea. Oinarrizko Batxilergorako “ingresoko” ikasle taldea da, 65-66 ikasturteari dagokiona. Bere mezuan, gaineratu nahi zuen garrantzitsua zela San Luis La Salle ikastetxeak zonaldean zuen garrantzia. Auzokoaz aparte, ugariak ziren Intxaurrondo, Roteta/Santa Barbara, Pasaiak eta Errenteriatik etortzen zirenak. Arrazoi du. Bilduman dokumentazio asko dago jasota La Salle ikastetxeari buruz, bai historikoa, bai fotografikoa (ikus hemen).
Bizitzea tokatzen ari zaigun egun gogor hauek familiarekin, lagunekin, auzokideekin eta oroitzapen partekatuekin dugun harremana biziago bizitzeko aukera gisa ere erakusten ari zaizkigu. Bizitzaren alde distiratsua.

sortze data: 2020-03-30 / eguneratze data: 2020-03-31

Altzathlon

Altzathlon Altzan kirol zaletasunaren historian zehar egindako ibilbidea 27 irudiren bitartez erakusten duen erakusketa da eta Garberan izango da ikusgai datorren azaroaren 18tik abenduaren 4ra arte. Hemen, segidan, Altzako Tokiko Bilduman kirolarekin lotutako argazkien artean, -1.700 argazki baino gehixeago-, egindako aukeraketa eskaintzen da.

Erakusketaren atzean lankidetza dago. Garberak erakusketa gauzatzeko behar diren baliabideak eman ditu, eta Altzako Tokiko Bildumak – Donostia Kulturaren eta AHMren arteko hitzarmen bati esker sortutako zerbitzua – bere funtsa jarri du, bilduma partikularretatik, familiarretatik eta hainbat elkarte eta Kutxateka bezalako erakundetatik datorrena. Aurreko erakusketan bezala, David Vicente argazkilaria arduratu da zuri-beltzeko irudiak mihise gainean inprimatzeaz; irudi horiek 90×60 zentimetroko tamaina dute gehienetan, panoramikoak diren bi izan ezik.

sortze data: 2019-11-13 / eguneratze data: 2019-11-13

Villa Lolita txakurtegia

Orain dela hogeita hamar urte, 1989ko ekainaren 9an, Udalak Villa Lolita bota zuen, Animalien Babeserako Elkartearen txakurtegia. Villa Lolita 1964. urtean erosi zuen elkarteak eta txakurtegirako egokitu, baina denbora pasa ahala, diru arazoak zirela medio, 1985. urtean Donostiako Udalari saldu behar izan zion. Ordurako, txakurtegiaren egoera tamalgarria zen eta bizilagunen kezkak eta kexak ugaritu ziren. Luis Mari Ralla kidea horren lekuko zuzena izan zen eta orain dela gutxi egoera hori ongi baino hobeto erakusten duen argazki sorta eta hainbat dokumentu pasa dizkigu, eta haren ekarpena Altzako Tokiko Bilduman Villa Lolita txakurtegiari buruz zegoena aberastera etorri da.

sortze data: 2019-08-07 / eguneratze data: 2019-08-07

Casares eta Tomasene

Casares eta Tomasene, gaur egun Kultur Etxea osatzen duten ondare altxatarraren bi baserri paregabeak dira. Kasaresen, 1986tik, Altzako Tokiko Bildumaren egoitza dago. Denbora horretan, Bilduma Casares jauretxearen dokumentu historikoak eta argazkiak biltzen joan da, baita Kultur Etxearen jarduerarena ere, bere lehen 20 urteetan. Tomasene baserria, beste aldetik, eta nahiz eta izan dituen zaharberritze lanek bere jatorrizko itxura asko eraldatu duten, oraindik ere elementu historiko eta arkitektoniko interesgarriak kontserbatzen ditu, loturetan klik eginez aurkitu daitezkeenak.

sortze data: 2019-05-31 / eguneratze data: 2019-07-11

2018. urtean katalogatutako dokumentuak

Pasa den 2018. urtean Altzako Tokiko Bilduman 298 dokumentu berri katalogatu dira. Denera Bildumaren funtsean 16.915 dokumentu daude, horietatik 13.111 webgune honetan kontsulta daitezke. 2017 urtearekin alderatuta, aipatzea merezi du altza.info web gune honek azken urte honetan bisitari eta bisita kopuruetan izan duen gorakada: 2.344 bisitaritik 3.329ra pasatu da eta, bisita kopuruak denera, 50.932tik 90.211ra igo da (datuak Google Analytics).

sortze data: 2019-01-08 / eguneratze data: 2019-01-08

Argazki erakusketa Garberan

Urriaren 31tik azaroaren 17ra arte Altzari buruzko argazki erakusketa bat bisitagarri egongo da Garbera merkatal zentroan. Altzako Tokiko Bilduma osatzen duten argazki guztien artean aukeratutako hogeita sei argazkiren bitartez, Altzako gune geografiko desberdinetako, une historikoetako, kaleetako, jaietako, merkataritza dendetako eta abarretako ikuspegi historiko bat islatzen saiatu gara. Mundua eta gure inguru gertuena abiadura handiz aldatzen ari dira. Argazkiek uneak finkatzen dituzte eta begiratzen dituenari ohituretan, lanean, kalean…  gertatzen ari diren eraldaketez ohartarazten diote. Argazkien bidez, gaur egun gure auzoetan bizi den jendea argazkietan ikus daitekeen jendearekin harremanetan jartzea bilatzen dugu.

Erakusketa honek eskaintzen duen berritasun nagusia argazkien tamaina handia da, 75 cm altueran eta metro bat zabalean. David Vicente argazkilari donostiarra irudien inprimatzeaz eta mihisean jartzeaz arduratu da.

sortze data: 2018-10-26 / eguneratze data: 2018-10-26

La Asunción Ikastetxea, Mirakruz

Joan den apirilaren 21ean La Asunción bisitatzeko parada eduki genuen. Komentuko lekaimeen eskutik, Ikastetxearen barrualdea ezagutu genuen: bisitariak artatzeko aretoa, irakasleen gela, areto nagusia, liburutegia… eta eliza argitsua, gaur egun Santa Kruz parrokia dena. Honez gero, eraikinak 130 urte baditu. Oso ongi kontserbatua dago eta, denbora pasa den arren, hasieran bete zuen funtzioa betetzen jarraitzen du gaur egun. Bere historia eta ezaugarriengatik, eraikin hau Altzako eraikinen artean berezienetako bat da.

Hemen klik eginez Ikastetxearen hainbat ohar histokikoak deskarga daitezke Pdf formatuan; eta, hemen, Altzako Tokiko Bilduman gordetako dokumentuak eta irudiak kontsulta daitezke.

 

sortze data: 2018-04-27 / eguneratze data: 2018-04-27

Claudio Egaña Otamendi

Aizarnan 1911 urtean jaio eta Altzan errotu zen, Herrerako Etxeluze etxean. Herrera Sport taldeko nazioarteko korrikalaria[1], oso maitatua zen herritarren artean. Anarkisten filiaziokoa. 1936ko irailaren 9an, Burgosko espetxe nagusitik atera zuten, beste hogeita bat presorekin batera, eta fusilatu egin zuten[2]; antza denez, fusilatutako besteekin lurperatu zuten, Esteparreko hobian, Burgosko probintzian[3]. Haren gorpua identifikatu gabe dago oraindik.

Erreferentziak:

sortze data: 2018-02-26 / eguneratze data: 2021-02-11

Aurtengo dokumentu berriak

Aurten Altzako Tokiko Bilduman 313 dokumentu berri katalogatu ditugu eta ikus ditzakezue esteka honetan klik eginez. Denera Bildumaren funtsean 16.617 dokumentu daude, horietatik 12.807 webgune honetan kontsulta daitezke. Funtsaren erdia argazkiez osaturik dago, 8.521, eta horietatik 5.709 webean ikus daitezke. Lanean ari gara datorren urtean zehar bi kopuru horien artean dagoen aldea txikiagotzeko.

sortze data: 2017-11-30 / eguneratze data: 2019-01-08

Etxe Merkeak auzuneak ehun urte

Maria Kristina Koloniaren lehen harria jarriz Etxe Merkeen proiektua abiatu zen orain dela ehun urte. Ekitaldia 1917ko abuztuaren 1ean izan zen eta Maria Kristina “Erregiña Zarra” berak parte hartu zuen. Bai ekitaldi horrek baita hiru urte beranduago egin zen inaugurazioak ere oihartzun zabala izan zuen garaiko prentsan. Proiektua gauzatzea, ordea, ez zen batere erraza izan, materialen prezioak nabarmen garestitu baitziren Gerra Handiaren eraginez eta, ondorioz, hasieran proiektuan aurreikusitako 52 etxeetatik 28ra jaitsi behar izan zen eta, azkenean, bakarrik 13 egin ziren. Inaugurazioaren egunean, 1921eko urriaren 16ean, zortzi etxe zeuden bukatuak eta gainontzekoak obretan. Esteka honetan dauzkazue Tokiko Bilduman jasotako Etxe Merkeak auzuneari buruzko dokumentuak.

sortze data: 2017-08-11 / eguneratze data: 2018-03-13

Altzako Auzo Elkartea, 1978-1984

3 Los vecinos de Alza reivindican 1981-07-14

Orain dela gutxi, 1978-1984 urte bitartean Altzako Auzo Elkartearen jarduerak sortutako dokumentuak eta kronikak biltzen dituen karpeta bat utzi dute Altzako Tokiko Bildumaren eskutan. Paperetan islatzen kezka nagusia osasunarena da eta, batez ere, Osasun Zentro berria eraikitzen alde egindako aldarrikapena eta horrek eman zituen lanak. Osasunarekin ere lotuak, zabortegiak, hilerria, eta, tamalez gaur egun ere bolo-bolo dabilen amiantoren gaia; auzo elkarteak berak 1978. urtean salatu zuen Toschi Ibérica enpresak sortzen zuen kutsadura arriskugarria. Dokumentu guztiak hemen klik eginez kontsulta ditzakezu.

sortze data: 2017-06-29 / eguneratze data: 2018-03-13

Polentinoseko kondearen argazkiak

Aurelio de Comenares y Orgaz (Madril, 1873-1947), Polentinoseko kondea, beirazko 10.000 xafla estereoskopikoen egilea da, 1892 eta 1930 urte bitartean eginak, horietako 630 Euskal Herrian. Argazki horiek guztiak Interneten bitartez ikus daitezke, Fototeca del Patrimonio Histórico delakoaren helbidean, Conde de Polentinos artxiboan. Merezi du bertan bildutako irudi ederrak ikustea, baina guretzat bereziki interesgarria da horien artean Altzako eraikinak eta txokoak agertzen direlako. Denera 33 identifikatu ditugu zein baino zein ederrago: Txipres, Intxaurrondo, Casares, Tomasene, Moneta, Espartxo, Villa Iruña… Horiek guztiak hemen, Tokiko Bilduman ikus daitezke.

sortze data: 2017-01-07 / eguneratze data: 2018-03-13

Intxaurrondo txuri beltzean

Irailaren 15ean “Intxaurrondo txuri beltzean” argazki liburua aurkeztu zen Intxaurrondo Kultur Etxean. Liburuan iazko santakruzetan egindako erakusketan ikusi ahal izan ziren argazkiak eta urtean zehar bildutako beste batzuk ikus daitezke, argazki bakoitzaren azalpenarekin. Argazkiak katalogatuak izan dira Altzako Tokiko Bilduman eta esteka honetan klik eginez ikus daitezke.

azala

sortze data: 2016-09-26 / eguneratze data: 2018-03-13

Txirrita!

L16406Ekainaren 3an 80 urte beteko dira Txirrita bertsolari handia hil zela, Altzan, Gazteluene baserrian. Hernanin jaio, 1860ko abenduaren 14an, Errenterian bizi eta 60 urterekin herrena hasi zitzaion eta Altzako Arriaga baserrira etorri zen bizitzera, Juan Mari anaiarekin. Ondoren, Gazteluenera aldatu zen, Isabel arrebaren baserrira, eta bertan bota zuen azken arnasa, 1936ko ekainaren 3an. Gazteluenen bizitutako urteak, bertsoz eta pasadizoz beteak, ederki ezagutzen ditugu Antonio Zavalak “Txirrita. Bizitza eta bertsoak” (212-252 orr.) liburuari esker.

Txirritak “Nere aitamenak izango dira / beste larogei urtian.” bota zuen, eta hala izan da, bere izena eta bertsoak etenik gabe aitatuak baitira. Altzan kale batek Txirrita Bertsolaria izena dauka, Arriaga (Harria) parkean hasten dena, hain justu.

Txirritaren heriotzak oihartzun zabala izan zuen prentsan eta urteurrena gogoratuz Tokiko Bildumara ekarri ditugu notizia horiek eta Txirritari buruz dauzkagun gainontzeko dokumentuekin ikus daitezke hemen.

Hil ondorengo artikuluetatik olerki hau aukeratu dugu, Euzkadi egunkarian 1936ko ekainaren 5ean Juan Abando Urrexolak “Erletxue” ezizenez argitaratu zuena.

¡Txirrita!
Altzako abeslari zarrari!

Gazte nintzala
Bere bertsuak
Entzun nenduzen
Ugari
Altza’ko errian
Mirasun-toki
Sagardo barri
Edari.

Itsas-ertzian
Euzki argian
Mai-gane baten
Ezarri;
Urrezko edari
Txili-pristaka
Gende gustien
Pozkarri.

Aren abotik
Zertzu urtengo
Danak egozan
Kesketan.
¡Ori dok eta!
¡Aupa Txirrita!
Entzuten gendun
Askotan.

Udaberrian
Mendirik mendi
Sagardotegi
Berriak
Ezan faltako
Onen itz neurri
Asetu arte
Gustiak.

Orain dala-ta
Ogetamar urte
Arrastia baten
Pasayan.
Lendabiziko
Bertso ziriya
Sagardo-tegi
Leyuan.

Neuk entzun nendun
Irri-barreka
Gazte umori
Zolia:
¡Ia Txirrita!
Zerbait esayok
Ataraik eure
Xaltxia…

sortze data: 2016-06-02 / eguneratze data: 2024-09-27

Mesedeetako Amaren Erietxea

Askok oraindik gogoan daukagu Uba inguruan zegoen Mesedeetako Amaren erietxe antituberkulosoa izan zenaren eraikina, zuhaitzez inguraturik, handia, txuria, utzia. 1978. urtean erietxe izateari utzi zion eta urte batzuk pasata, 1983. urtean, Emauseko Traperoak biltegi gisa erabiltzen hasi ziren 2008. urtera arte, Donostiako udalak bere gain hartu zuenean eraikina botatzeko asmoz, -Arkitektoen Elkargoaren iritziaren aurka-, eta bere lekuan egun ezagutzen dugun Ametzagainako aterpe berria egiteko.

Erietxea 1912ko irailaren 15ean inauguratu zen ohore handiz, Tuberkulosiaren Nazioarteko II Kongresuaren egitarauaren barnean, eta bertara heltzeko Espartxoko zubia eta Ubarako errepidea eraiki ziren. Bai Erietxea baita zubia ere Jose Gurrutxaga arkitektoarena dira eta lanak egiteko finantziazioa dohaintzen bitartez egin zen.

Erietxearen inaugurazioak eta kongresuaren hitzaldiek oihartzun handia izan zuten garaiko prentsan. Kronika horiek Altzako Tokiko Bilduman kontsulta daitezke.

sortze data: 2016-04-12 / eguneratze data: 2018-03-13

Guardaplata – Platako itsasargia

Pasa den urriaren 24n Uliako Interpretazio Zentroak eta Altzako Historia Mintegiak ibilaldi bat antolatu zuten Bidebietatik (Guardaplata, Gomistegi) abiatuta Platako itsasargia barrutik ezagutzeko. Lotura honek aukera ematen du ibilaldiko dokumentu eta argazki guztiak eskuratzeko.

sortze data: 2015-11-17 / eguneratze data: 2018-03-13

Kirola Altzan: argazkiak

Web orrian ikus daitezkeen baino dokumentu gehiago dauzkagu bilduak, dokumentu baten fitxa egina izan arte ez baitugu publiko moduan jartzen. Hala ere, eta ahal diren argazki gehienak eskuragarri jartzeko asmoz, gaiaz gai eskaintzen joango gara deskribapenean “osatu gabeko fitxa” oharra erantsiz. Orain arte bezala, zuek ere lagun dezakezue fitxa horiek betetzen fitxa bakoitzak duen “Iruzkinak / Zuzenketak” eremua erabiliz.

Argazkiekin hasiko gara, eta konkretuki kirolari buruzko argazkiekin.  Hona hemen kirolen zerrenda, bakoitza bere loturarekin eta dituen dokumentu kopuruarekin.

sortze data: 2015-08-21 / eguneratze data: 2018-03-13

Industria eta merkataritza urtekariak

Espainiako Biblioteka Nazionalean eskuragarri dauden industria eta merkataritza urtekariak gehitu ditugu Tokiko Bildumaren datu-basean. Urtekari-saila 1879-1911 urte bitartekoa da eta urte batzuena falta badira ere -1889tik 1894ra, eta 1908. urtekoa-, bildutako sortak aukera paregabea eskainiko digu Altzan garai hartan bizitzen ari zen eraldaketara hurbiltzeko, inguruko herrietan gertatzen ari zen antzean.

sortze data: 2015-04-17 / eguneratze data: 2018-03-13

Herrera Sport (1926-1940)

Herrera Sport  1926 eta 1940 urte bitartean jardun zuen kirol elkartea da, bereziki atletismoko Cross-country delako espezialitatean aritua. Talde bat zeukan, korrikalari federatu zein amateurrez osaturik, eta haiekin parte hartzen zuen Gipuzkoako oin-lasterketen egutegian. Horrez gain, lasterketak ere antolatu zituen, “Herrerako Krosa” hain zuzen ere, 1926. urtetik 1936. urtean Gerra Zibila hasi zen arte, etenik gabe. Gerra amaitu ondoren, krosa berriro antolatu zuen 1940. urtean, baina azkena izan zen, Herrera Kirol Elkarteak urte batzuk pasa eta gero txanda hartu zuen arte.

Kirol elkarte honi buruz Tokiko Bilduman dauzkagun agiriak eta argazkiak ikusteko klik egin hemen.

sortze data: 2015-01-30 / eguneratze data: 2018-03-13

Jolastokieta, 1914-1940

Jolastokieta ‘kirol anitzeko’ elkarteak 1914. urtean hasi zuen bere jarduna Altzako Herrera auzoan eraiki zituen instalazioetan. Lau urte inguru iraundu zuen, baina denbora labur horretan ospea izan zuen antolatu zituen txapelketengatik eta bere kirolariek atlestismoan, futbolean eta pilotan lortu zituzten emaitzengatik. Elkartea desagertu arren Jolastokietako instalazioak erabiltzen jarraitu zuten ia 1940. urtera arte. Tokiko Bilduman Jolastokietaren garai honetaz fitxatuta dagoena kontsultatzeko, klik egin hemen.

sortze data: 2014-12-10 / eguneratze data: 2018-03-13

Herri kirola sanmartzialak 1978

Luis Mª Tobalinak 1978. urteko sanmartzialen 25 argazki utzi dizkigu, irudietan idi-demaren eta harrijasotzaileen irudiak ikusten direlarik. Argazkietan agertzen den norbait ezagutzen baduzu guri esan iruzkinen atalean idatziz. Mila esker Luis Mª Tobalinari eta zuen iruzkinekin laguntzen diguzuen guztioi.

sortze data: 2014-10-14 / eguneratze data: 2018-03-13

Hemeroteka 1999 urtera arte elikatuz

Gure komunitatearen eguneroko bizitzaren berri izateko ezinbestekoa da prentsan argitaratutako notiziak irakurtzea, bertan jasotzen baitira, zatika bada ere, gertakizun eta gorabehera ugari, garrantzitsuak batzuk, xumeagoak besteak. Horregatik, egunkari eta aldizkarietan agertzen diren berriak biltzea eta gordetzea izan da Tokiko Bildumaren lehentasunetako bat. Notizien kopurua oso handia denez, digitalizatzeko eta katalogatzeko orduan mugatu behar izan dugu lana eta 2000 urtera artekoak soilik egiten ari gara, altzainfon eskuragarri egon daitezen. Laurogeita bederatzi fitxa igo berri ditugu, 1978-1997 urte bitartekoak, Egin, Diario Vasco, Deia, Egunkaria eta Irutxulorenak, hemen klik eginez ikus ditzakezuenak. Eta aurki gehiago egongo dira.

sortze data: 2014-07-01 / eguneratze data: 2018-03-13

“Altza, Hautsa Kenduz-12” liburuaren informazio-zabalkuntza

Altza, Hautsa Kenduz 12 liburuan hainbat artikulutan QR kodea gehitu dugu bertan agertzen den edukia Tokiko Bilduman dagoenarekin osatzeko. Hauek dira artikuluen izenburuak eta eskaintzen diren edukiak:

sortze data: 2013-12-13 / eguneratze data: 2018-03-13

Milatik gorako fitxa berri hemerotekan

Azken hilabete hauetan Casaresen paperean gordeak geneuzkan prentsako notizien katalogazioan eta digitalizazioan lan egin dugu. Denera milatik gorako notiziak dira, 1907 eta 1999 urte bitartekoak, eta gehien-gehienak, 958, 1976 urtetik gerokoak dira. Horrela, Tokiko Bildumara ekarri dugun multzo berri horrekin, une honetan hemerotekak 2.847 notizia biltzen ditu bere baitan. Gehitutako notizien zerrenda ikusteko egin dezakezue klik hemen.

sortze data: 2013-08-06 / eguneratze data: 2013-08-06

Francisco Armendariz argazkilaria

Francisco Armendariz Otalora (Donostia, 1904-1993) argazkilariaren irudi altzatarrak katalogatu ditugu. Hemen klik eginez ikus ditzakezue. Informazio gehiago Estibaus blogean.

sortze data: 2013-06-26 / eguneratze data: 2018-03-13

Casanao etxearen dokumentuak

Miren Mendarte Casares errenteriarrak, amaren aldetik Casanao baserriko ondorengoa eta familiaren artxibo jasotzailea, etxean gordetako dokumentazioaren edukiaren kopia bat utzi du Altzako Tokiko Bildumaren funtsean jasoa gera dadin. Honez gero, dokumentuak katalogatu ditugu, berrogeita bat denera, gehienak XVIII. eta XIX. mendekoak. Aurrerago argazkiak ere kontsultatu ahal izango dira.

sortze data: 2013-05-12 / eguneratze data: 2013-05-12