Iñigo Landa
Jolastokieta ‘kirol anitzeko’ elkarteak 1914. urtean hasi zuen bere jarduna Altzako Herrera auzoan.
Elkartearen instalazioak Herrerako harrobiaren eremuan eraiki ziren, Sastrearena izenarekin ezagutzen zen lekuan. Egoitza nagusia hiru solairuko eraikin batean zegoen, eta bertan aldagelak, kafetegia, jatetxea, hainbat areto eta zaintzailearentzako etxebizitza. (1) (6)
Atzealdean, eraikinari itsatsia, pilota lekua zegoen, bi pareta eta hamalau koadro luze. Hirugarren pareta bat ere bazegoen bereizirik, erreboterako, Altzagainara doan aldapan, egungo San Ignazio galtzada ondoan. (1) (8)
Egoitzaren mendebaldean, Vista Alegre (Tantarrene) etxearen eta Arrobi (La Cantera) auzoaren artean, futbol zelaia zegoen, atletismo-pista bezala ere erabilia izan zena. Hegoaldean ikusleentzako harmailak zeuden. (7)
Jolastokieta Elkartearen lehen jardueraren notizia 1914ko urtarrilaren 11koa da, egun horretan egin baitzen Espainian ezagutzen den aurreneko lasterketa landan zehar, Jolastokieta Elkarteak antolaturik. (2)
Zazpi hilabete beranduago, 1914ko uztailaren 31n, Herrerako instalazioetan nolabaiteko ‘olinpiada’ bat antolatu zen, Gipuzkoako atletismoaren abiapuntutzat hartu izan dena. (14)
1916ko martxoaren 11n, Gipuzkoako beste elkarteekin batera, Gipuzkoako Atletismo Federaziaren sorreran parte hartzen du. (2)
Atletismoaz gain, bere futbol taldeagatik ere ezaguna izan zen Jolastokieta Elkartea. 1915. urtean, Euskadi mailan jokatu zen futbol txapelketan parte hartu zuen, Bizkaiko Atheltic Club de Bilbao, Arenas eta Ariñ Sport, eta Gipuzkoako Real Racing Club eta Irun Sporting Club taldeekin batera. (3)
Futbolarekin jarraituz, Tarrasa F.C. talde katalanaren aurka jokatu zuen, 1915ko uztailean (10), eta urte bereko azaroan 3 eta 0 irabazi zion Bilboko Athletic taldeari. (5)
Jolastokieta Elkarteak “soka-tira” kirolean ere ospea lortu zuen, izan ere 1915ko apirilaren 18an Atotxako futbol-zelaian egin zen hamabi gizoneko talde lehiaketan txapelduna izan zen. (5)
1929-1936 urte bitartean, Real Sociedad klubaren emakumezkoen hockey taldeak Atotxan entrenatzen bazuen ere ohikoa zen bere partidak Jolastokietan jokatzea. (5)
1933ko ekainaren 16an uholde ikaragarriak izan ziren Herreran eta hiru pertsona hil ziren. Herritarren elkartasuna adierazteko eta kaltetuei diruz laguntzeko, kultura eta kirola uztartuz jaialdi bat antolatu zen uztailaren 16an, igandea, Jolastokietako zelaian. Arrakasta handia izan zuen herritarren artean eta prentsan geratu da jasoa. (11) (12) (13)
Jolastokietako lur-eremuan RUTILITA enpresaren paper-orea egiteko lehen lantegia eraiki zen 1940. urtean. Aurrerago fabrika hau gehiago zabaldu zen, 1941 eta 1958 urteetan, eta beste batzuk etorri ziren Jolastokietaren eremu osoa bete arte, hala nola ZARDOYA OTIS 1958ean eta OXIGRAF 1960an. (15)
Lardi-aundi (Larrerdi) baserriaren lurretan, Jolastokieta ondoan, etxebizitza multzo handi bat eraiki zen 1977. urtean, Jolastokieta izen bera daraman auzunea, eta bertan sortu da egungo CSCRD Jolastokieta elkartea.
—-
(1) KORTAJARENA, Andoni: “Herreratar zaar baten bizikaskizunak” In: Hautsa Kenduz II (1994), 9-21 orr.
(2) Real Federación Española de Atletismo www.rfea.es 2007-07-30: “Cien años de atletismo en Guipúzcoa”
(3) “El football en el País Vasco”, In Euskalerriaren Alde, nº 106 (1915), 318-319 orr.
(4) El Diario Vasco, 1964-07-01: “En un pequeño campo de Alza nació en en 1914 el atletismo guipuzcoano”
(5) Euskomedia (Auñamendi Entziklopedia): http://www.euskomedia.org/bilatu?q=jolastokieta
(6) Album Picavea.
(7) KUTXA FOTOTEKA
(8) Landa-Jaka familia
(9) Euskomedia 1915-11 (Equipo de la sociedad Jolastokieta que venció al Athlétic de Bilbao por 3-0 en una de las eliminatorias del campeonato. Noviembre de 1915)
(10) La Vanguardia 1915-07-03
(11) El Día, 1933-07-14
(12) El Día, 1933-07-18
(13) Argia, 1933-07-23
(14) El Pueblo Vasco, 1914-08-01
(15) HERRERAS MORATINOS, Beatriz: Altza Historia y Patrimonio. Artiga Bilduma 4, Altzako Historia Mintegia (2001), 71-73 orr.
Aipatutako argazkiak eta dokumentuak kontsultatzeko klik egin hemen.
Jarraitu irakurtzen →