Askok oraindik gogoan daukagu Uba inguruan zegoen Mesedeetako Amaren erietxe antituberkulosoa izan zenaren eraikina, zuhaitzez inguraturik, handia, txuria, utzia. 1978. urtean erietxe izateari utzi zion eta urte batzuk pasata, 1983. urtean, Emauseko Traperoak biltegi gisa erabiltzen hasi ziren 2008. urtera arte, Donostiako udalak bere gain hartu zuenean eraikina botatzeko asmoz, -Arkitektoen Elkargoaren iritziaren aurka-, eta bere lekuan egun ezagutzen dugun Ametzagainako aterpe berria egiteko.
Erietxea 1912ko irailaren 15ean inauguratu zen ohore handiz, Tuberkulosiaren Nazioarteko II Kongresuaren egitarauaren barnean, eta bertara heltzeko Espartxoko zubia eta Ubarako errepidea eraiki ziren. Bai Erietxea baita zubia ere Jose Gurrutxaga arkitektoarena dira eta lanak egiteko finantziazioa dohaintzen bitartez egin zen.
Erietxearen inaugurazioak eta kongresuaren hitzaldiek oihartzun handia izan zuten garaiko prentsan. Kronika horiek Altzako Tokiko Bilduman kontsulta daitezke.