Etiketaren artxiboa: pilota

Jolastokieta, kirol elkartea

Iñigo Landa

c205a-001Jolastokieta ‘kirol anitzeko’ elkarteak 1914. urtean hasi zuen bere jarduna Altzako Herrera auzoan.

Elkartearen instalazioak Herrerako harrobiaren eremuan eraiki ziren, Sastrearena izenarekin ezagutzen zen lekuan. Egoitza nagusia hiru solairuko eraikin batean zegoen, eta bertan aldagelak, kafetegia, jatetxea, hainbat areto eta zaintzailearentzako etxebizitza. (1) (6)

Atzealdean, eraikinari itsatsia, pilota lekua zegoen, bi pareta eta hamalau koadro luze. Hirugarren pareta bat ere bazegoen bereizirik, erreboterako, Altzagainara doan aldapan, egungo San Ignazio galtzada ondoan. (1) (8)

Egoitzaren mendebaldean, Vista Alegre (Tantarrene) etxearen eta Arrobi (La Cantera) auzoaren artean, futbol zelaia zegoen, atletismo-pista bezala ere erabilia izan zena. Hegoaldean ikusleentzako harmailak zeuden. (7)

Jolastokieta Elkartearen lehen jardueraren notizia 1914ko urtarrilaren 11koa da, egun horretan egin baitzen Espainian ezagutzen den aurreneko lasterketa landan zehar, Jolastokieta Elkarteak antolaturik. (2)

Zazpi hilabete beranduago, 1914ko uztailaren 31n, Herrerako instalazioetan nolabaiteko ‘olinpiada’ bat antolatu zen, Gipuzkoako atletismoaren abiapuntutzat hartu izan dena. (14)

1916ko martxoaren 11n, Gipuzkoako beste elkarteekin batera, Gipuzkoako Atletismo Federaziaren sorreran parte hartzen du. (2)

Atletismoaz gain, bere futbol taldeagatik ere ezaguna izan zen Jolastokieta Elkartea. 1915. urtean, Euskadi mailan jokatu zen futbol txapelketan parte hartu zuen, Bizkaiko Atheltic Club de Bilbao, Arenas eta Ariñ Sport, eta Gipuzkoako Real Racing Club eta Irun Sporting Club taldeekin batera. (3)

Futbolarekin jarraituz, Tarrasa F.C. talde katalanaren aurka jokatu zuen, 1915ko uztailean (10), eta urte bereko azaroan 3 eta 0 irabazi zion Bilboko Athletic taldeari. (5)

Jolastokieta Elkarteak “soka-tira” kirolean ere ospea lortu zuen, izan ere 1915ko apirilaren 18an Atotxako futbol-zelaian egin zen hamabi gizoneko talde lehiaketan txapelduna izan zen. (5)

1929-1936 urte bitartean, Real Sociedad klubaren emakumezkoen hockey taldeak Atotxan entrenatzen bazuen ere ohikoa zen bere partidak Jolastokietan jokatzea. (5)

1933ko ekainaren 16an uholde ikaragarriak izan ziren Herreran eta hiru pertsona hil ziren. Herritarren elkartasuna adierazteko eta kaltetuei diruz laguntzeko, kultura eta kirola uztartuz jaialdi bat antolatu zen uztailaren 16an, igandea, Jolastokietako zelaian. Arrakasta handia izan zuen herritarren artean eta prentsan geratu da jasoa. (11) (12) (13)

Jolastokietako lur-eremuan RUTILITA enpresaren paper-orea egiteko lehen lantegia eraiki zen 1940. urtean. Aurrerago fabrika hau gehiago zabaldu zen, 1941 eta 1958 urteetan, eta beste batzuk etorri ziren Jolastokietaren eremu osoa bete arte, hala nola ZARDOYA OTIS 1958ean eta OXIGRAF 1960an. (15)

Lardi-aundi (Larrerdi) baserriaren lurretan, Jolastokieta ondoan, etxebizitza multzo handi bat eraiki zen 1977. urtean, Jolastokieta izen bera daraman auzunea, eta bertan sortu da egungo CSCRD Jolastokieta elkartea.

—-

(1)     KORTAJARENA, Andoni: “Herreratar zaar baten bizikaskizunak” In: Hautsa Kenduz II (1994), 9-21 orr.
(2)     Real Federación Española de Atletismo www.rfea.es 2007-07-30: “Cien años de atletismo en Guipúzcoa”
(3)     “El football en el País Vasco”, In Euskalerriaren Alde, nº 106 (1915), 318-319 orr.
(4)     El Diario Vasco, 1964-07-01: “En un pequeño campo de Alza nació en en 1914 el atletismo guipuzcoano”
(5)     Euskomedia (Auñamendi Entziklopedia): http://www.euskomedia.org/bilatu?q=jolastokieta
(6)     Album Picavea.
(7)     KUTXA FOTOTEKA
(8)     Landa-Jaka familia
(9)     Euskomedia 1915-11 (Equipo de la sociedad Jolastokieta que venció al Athlétic de Bilbao por 3-0 en una de las eliminatorias del campeonato. Noviembre de 1915)
(10)  La Vanguardia 1915-07-03
(11)  El Día, 1933-07-14
(12)  El Día, 1933-07-18
(13)  Argia, 1933-07-23
(14)  El Pueblo Vasco, 1914-08-01
(15)  HERRERAS MORATINOS, Beatriz: Altza Historia y Patrimonio. Artiga Bilduma 4, Altzako Historia Mintegia (2001), 71-73 orr.

Aipatutako argazkiak eta dokumentuak kontsultatzeko klik egin hemen.

Jarraitu irakurtzen

sortze data: 2015-01-02 / eguneratze data: 2021-03-09

Joxe Orbegozo Igartua “Milles”

Joxe Orbegozo, ezkerrekoa (Orbegozo familia, 1948)

Joxe Orbegozo Igartua “Milles” (Altza, ? / 1993-03-21). Miravalles / Milles baserrikoa. Pilotariaria izan zen. Familia iturrien arabera, bost aldiz Euskadiko txapelduna eta bi Espainiakoa zen.

Manuel Zapirainek kontatu zuenez, “Gure garai inguruko batzuak, esateko: Otaegi, Goikoetxea ta Orbegozo. Au izandu zan geiena nabarmendu zana. Nik lenguetan ezagutu detan onena, afizionatuetan ibili zan iritxirik Españiko txapeldun izatera, Loiolako Etxarri lagun zuela.”

Bestetik, Antxotarrok Historia Mintegiaren eskutik beste kronika hau jaso dugu: “1935eko neguan Gipuzkoako Batzoki arteko pelota txapelketa hasi zen, eta antxotarrok Jose Manuel Linazasoro (Txulofronton) eta Jose Orbegozo bikotea aurkeztu genuen. Alegia, aurkeztu zuen batzokiak. Linazasoro aurrelari beldurgarria zen, eta normalean Abaliarekin jokatzen zuen. Biak antxotarrak. Baina Abalia gaixotu egin zen orduan, eta beste atzelari bat bilatu behar izan zuen, Josetxo Milleskoa. Hogeita bi partida jokatu zituzten, eta 21 irabazi, Errenteriako batzokian jokatu zen finala barne, 1936ko otsailean edo martxoan, hor nonbait. Gipuzkoako Txapeldunak beraz, antxotarra eta altzatarra (nahiz Antxoko batzokia ordezkatu). Kopa oso polita zen diseinuz, estilizatua, dotorea. Ikurrina bat zeukan itsatsia, eta azpian “Gipuzkua’ko Txapelketa” jartzen zuen. Gerra heldu zen eta ikaratu egin ziren: ikurrina kendu, zaku batzutan bildu eta Millesko ikuiluan ezkutatu zuten. Gero, handik urteetara, kopa berriz atera eta zozketa egin zuten nork eramango: Antxora etorri zen. Juantxo Linazasoro aita bezain aurrelari bikaina izan dugu, palaz. Berak hartu zuen kopa aita hildakoan, eta kaliz bat baino distiratsuagoa dauka.”

Erreferentziak:

  • Joxe Orbegozo Altzako Tokiko Bilduman.
  • Manuel Zapirain: “Altza lenago zer zan“, in: Altza Hautsa Kenduz VI (2001), 53. or..
  • ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA: Altzako euskarazko kronikak (1921-1936). Artiga Bilduma 7. Altzako Historia Mintegia (2010), (K 111, 112) 92, 94 orr.
sortze data: 2012-11-12 / eguneratze data: 2023-09-11

Koka, Juantxo

Juan de la Coca Perez, 1973ko martxoaren 18an jaio zen Altzan, Larraundi 7 kalean, frontoi zaharretik oso gertu. Altzan izan den kirolaririk ezagunenetakoa dugu eta lehen mailako pilotaria bezala oroitzen dugu.

Gaztetan Jose Mari Arrarasek begiz jo eta berak bideratu zuen pelotaren mundura, nahiz eta bera Sporting de Herrera Futbol Taldean ibili. Maila guztietatik pasa ostean, 19 urterekin bere lehenongo partida profesionala jokatzea lortu zuen, kontratua sinatu eta zazpi hilabetera.

Lehenengo partida profesionala Eibarko Astelena frontoian izan zen, 1993ko martxoaren 7an. Koka eta Aldazabal III bikotea izan zen garaile Lejardi eta Azkarateren aurkako norgehiagokan. Estreno polita izan zuen, orokorrean kritika positiboak jasoz.

Kokaren bizitzak hainbat pasadizo ezberdin izan ditu, baina dudarik gabe hauek izango genituzke bere bizitza profesionaleko data garrantzitsuenak; 1997ko martxoaren lehena izango genuke bat. Bigarren Mailako Txapelketaren finala jokatu zuenekoa, Mikel Goñi famautuaren aurka. Txapela etxera eramatea lortu zuen zuen 22-20eko markagailu estuaren ostean. Beste data bat 2002ko Buruz Buruko txapelketaren final zortzirenetan Mikel Goñirekin gurutzatu zenekoa izango zen. Eibarko pilotalekuan jokatu zen partida eta tanto bakarragatik galdu zuen altzatarrak, 22.- 21 gelditu zen markagailua. Goia ordea 2003. urtean jo zuen. Hogeitabederatzi urterekin Belokiren kidea zen Pablo Berasaluzeren lesioa zela medio, finalera iritsi eta bertan Olaizola II eta Pascualek osatzen zuten taldeari gailentzea lortu zuten; 22-15 gelditu zen markagailua.

Aurreko datek oroitzapen onak ekartzen dituzten bitartean, 2009. urtea latza izan zen Juantxo Kokarentzat. Asegarcek ez zion kontratua berritu nahi izan, ondorioz Garfe enpresa apalarekin sinatu eta txapelketa eta frontoi garrantztitsuei agur esan behar izan zien. Hainbat urtetan haurrak entrenatzen ibili izan da ere.
Pilotak poza baino ez diola eman esan izan ohi du.

Erreferentziak:

  • PEREZ, Raul.”Juantxo Koka: pilotalekuko artista”. In: Altza, Hautsa Kenduz XI (2011). 213-220 orr.
  • Juantxo Koka Altzako Tokiko Bilduman
sortze data: 2012-10-04 / eguneratze data: 2019-11-22

Boskotarrak, Kirol Jolas Elkartea

Altzaren ekialdean dagoen  Los Boskoseko auzunean sortu zen elkarte historiko bat dugu. Mende laurden bat baino gehiago darama auzoko bizitzaren parte izaten. Pilota eta sukaldaritzan nabarmendu den arren beste hamaika ekimenen antolatu ditu, auzoaren ezinbesteko motor bat bilakatuz.

Armarria

Historia

1965 urtean Los Boskos auzuneko lehenengo harria jarri zen. 1970ko hamarkadan hasieran sortuz. Garai honetako espantsio urbanistiko donostiarraren  testuinguruan gune berri honek kanpo famili ugariren etorrera ekarri zuen,  Los Boskosen kasuan familia gehienak Grosetik etorri ziren.  Garaian beste auzoetan bezala ematen ari zen auzune berrien fenomenoak arazo bat zekarren.Gune berri hauek bizi falta handia zeukaten eta bertako jendeak askotan bere bizitza soziala ondoko auzoetan egin behar izaten zuten. Abandonu edo mugimendu falta horri aurre egiteko Los Boscos bertako biztanleek elkarte bat sortzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Boskotarrak elkartea.

Izena aukeratzeko eztabaida gainditu ostean elkartearen bideratzea erabakitzeke zegoen. Batzuek ehiza elkarte bat osatu nahi zuten baina azkenean pilotazaleen nahia nagusitu zen eta pilota elkarte gisa sortu zen Boskotarrak elkartea 1976ean (modu ofizialean), ezkutuaren arabera 1975ean  izan zen. Hasiera batean auzoko jai batzuk bultzatu nahi izan ziren. Maiatzaren batean (Langilearen Eguna) ospatu ziren 17 urtez. Ez zuten nahi zuten arrakasta lortu eta beraz batzar orokor batean hauek gehiago ez antolatzeko erabakia hartu zen. Pilota elkarte gisa ordea arrakasta handia izan zuen, hainbat izen ezagun atera ziren elkartetik eta erreferente bat bilakatu zen auzoan zein eskualdean. Gastronomia aldetik hainbat sari irabazi zituzten bazkide ugari izan ziren. Alejandro Insua, Beningo Ruiz, Javier Fuentes, Josetxo Kortabitarte, Miguel Varona eta Pedro Santiago bezalako bazkideek pabilioia biziki altu utzi zuten.

Bestela ere auzoko beste ekimen ugariren bultzatzaile izan dira. Altzatarren egunerokotasunaren parte bilakatuz. Horrela auzoan danborrada, inauteriak, jokuak eta beste hainbeste ekitaldi bultzatu dituzte azkeneko mende hiru hamarkadetan.

Datuak

Pilota eta sukaldaritza izan dira elkartearen alor arrakastatsuenak. Horretaz gain beste hainbat aktibitate bultzatu dira: Bolariak, areto futbola, tokalariak, San Silvestre karreraren antolakuntzaren ardura hiru urtetan hartu da, koroa, danborrada, inauteriak, errege magoen kabalgata (Roteta K.E eta “Peña Taurina Serranito”rekin bat),  jubilatuentzako jokoak… Egun 130 bazkide oso eta 35 jubilatuk (bozkatzeko eskubide gabe) osatzen dute elkartea.

Presidenteak

Javier Fuentes, Ignacio Arbide, Antonio Sampietro, Rafael Imaz, Julián Castellanos, Demetrio Rodríguez, Paco Rodríguez, Juan Mª Oteiza, Andrés Benito, Alejandro Insua, JoséAntonio Zabalo eta Pedro Santiago.

Kirolari aipagarriak

Eusebio Iñarra, José Mª Arrarás, Ibon Bitoria, Martínez anaiak, Juantxo Koka, Cristobal Gastesi, Angel Vicente, Julen Castellanos, Ander Domínguez, Jose Mª Etxenagusia eta Ercibengoa.

Erreferentziak

GONZÁLEZ, Pelegrín,”Boskotarrak 25 años de historia”, In: Altza, Hautsa Kenduz VI (2001) 243-249 orr.

 

 

GONZALEZ, Pelegrín: “Boskotarrak 25 años de historia” In: Hautsa Kenduz VI (2001), 243-249 orr.

GONZALEZ, Pelegrín: “Las escuelas de pelota en Altza” In: Hautsa Kenduz IV (1997), 53-60 orr.

sortze data: 2012-10-03 / eguneratze data: 2020-12-16

Altzatarra, Kirol Elkartea

Erraminta-pilota eskola

Historia

Altzan pilotak hainbat eskola desberdin sortu ditu azkeneko hamarkadetan. Elkarte hauetako bat Altzatarra elkarteko Pilota Kluba dugu, bertako kideak ziren zale batzuek pilotaren erreminta modalitatea bultzatzeko aukera ikusi eta elkarte barruan eskola bereizi bat sortu zuten.

Hasiera zaila izan zen arren, zaletuen faltagatik batez ere, denborak arrazoia eman die eta egun ikusle eta parte hartzaile talde fidel bat edukitzea lortu dute.

Datuak

Infantil zein jubenileko taldeak daude. Hogei bat ikasle osora, neskak barne.

 

Presidenteak (edo elkarte barruko izen aipagarriak)

Jesús Navarro, Juanjo Polo, Jesús Atorrasagasti., Luis Mari Ralla eta Joxean Bravo

Kirolari aipagarriak

Txus Boubeta, Iñigo Navarro eta Joxean Astigarraga.

Errefetentziak

GONZALEZ, Pelegrín: “Las escuelas de pelota en Altza” In: Hautsa Kenduz IV (1997), 53-60 orr.

sortze data: 2012-10-03 / eguneratze data: 2020-12-16

Euskal Giroa elkartea

Ikas Pilota Eskola

Auzoko jendearen arteko loturak, pilotaren sustapena eta beste gune batzuetako pilota eskolekin dauden harremanak bultzatzea du helburu.

Historia

2000. urte inguruan sortu zen, Euskal Giroa elkartearen sekzio gisa. Jesus Mari Villasantek “Pirri” aurrera atera zuen ekimen bat dugu, Koldo Salaberria, Juan Mari Garin eta Santiago Valínekin batera.  Eragile ezberdinekin batu ziren  (Herrerako Eskola Publikoa, San Luis-La Salle, Herri Ametsa, Euskal Giroa Herrera K.E, Mendizaleak…), taldea osatu zen arte.

2001ean lehenengo pilota txapelketa antolatu zen, auzoko Herrerako Sain Luis jaiekin batera. 2007/2008ko txapelketan  hemezortzi fitxa batu ziren. Era berean, txapelketaz gain eskolak Zazpi-Iturri (Amezketa), Añorga K.E (Donostia), Oiarpe (Oiartzun) eta Araba zein Nafarroako hainbat pilota eskolekin harremana mantendu eta sustatzen du.

Erreferentziak

  • VILLASANTE, Jesús Mari; SALABERRIA, Koldo; GARIN, Juan Mari; VALÍN, Santiago eta MUJIKA ELIZALDE, Lur- Euskal Giroa elkarteko kirol sekzioaren arduradunak,”Ikas pilota eskola (Euskal Giroa-Herrera)”, In: Altza, Hautsa Kenduz IX (2007), 221-229 orr.
  • EUSKAL GIROA. “Bolatokiak” In: estibaus.info (2004/03/..)
  • EUSKAL GIROA ELKARTEA: “José Mari Geurea”  In: Hautsa kenduz  X (2009),  233-244 orr.
  • HERRERA KIROL ELKARTEA ETA EUSKAL GIROA  “Altzako bolatokia eta bolariak”  In: Hautsa kenduz  X (2009), 245-265 orr.
  • MUGIKA, Gurutz: “25 años de Euskal Giroa” In: estibaus.info (2002/10/..)
  • SEDANO, Juan Mari: “Euskal Giroa – XXV Aniversario” In: Hautsa Kenduz  VII (2003), 189-198 orr.
  • VILLASANTE, Jesús Mari; SALABERRIA, Koldo; GARIN, Juan Mari; VALIN, Santiago; MUJIKA ELIZALDE, Lur: “Ikas Pilota Eskola (Euskal Giroa – Herrera)” In: Hautsa Kenduz  IX (2007),  221-229 orr.
  • ZAPIRAIN, Miguel Angel; ARRIETA, Elena: “Herrera, un barrio de Altza” In: Hautsa Kenduz  III (1996), 109-116 orr.
sortze data: 2012-10-02 / eguneratze data: 2020-12-16