Txirrita!

L16406Ekainaren 3an 80 urte beteko dira Txirrita bertsolari handia hil zela, Altzan, Gazteluene baserrian. Hernanin jaio, 1860ko abenduaren 14an, Errenterian bizi eta 60 urterekin herrena hasi zitzaion eta Altzako Arriaga baserrira etorri zen bizitzera, Juan Mari anaiarekin. Ondoren, Gazteluenera aldatu zen, Isabel arrebaren baserrira, eta bertan bota zuen azken arnasa, 1936ko ekainaren 3an. Gazteluenen bizitutako urteak, bertsoz eta pasadizoz beteak, ederki ezagutzen ditugu Antonio Zavalak “Txirrita. Bizitza eta bertsoak” (212-252 orr.) liburuari esker.

Txirritak “Nere aitamenak izango dira / beste larogei urtian.” bota zuen, eta hala izan da, bere izena eta bertsoak etenik gabe aitatuak baitira. Altzan kale batek Txirrita Bertsolaria izena dauka, Arriaga (Harria) parkean hasten dena, hain justu.

Txirritaren heriotzak oihartzun zabala izan zuen prentsan eta urteurrena gogoratuz Tokiko Bildumara ekarri ditugu notizia horiek eta Txirritari buruz dauzkagun gainontzeko dokumentuekin ikus daitezke hemen.

Hil ondorengo artikuluetatik olerki hau aukeratu dugu, Euzkadi egunkarian 1936ko ekainaren 5ean Juan Abando Urrexolak “Erletxue” ezizenez argitaratu zuena.

¡Txirrita!
Altzako abeslari zarrari!

Gazte nintzala
Bere bertsuak
Entzun nenduzen
Ugari
Altza’ko errian
Mirasun-toki
Sagardo barri
Edari.

Itsas-ertzian
Euzki argian
Mai-gane baten
Ezarri;
Urrezko edari
Txili-pristaka
Gende gustien
Pozkarri.

Aren abotik
Zertzu urtengo
Danak egozan
Kesketan.
¡Ori dok eta!
¡Aupa Txirrita!
Entzuten gendun
Askotan.

Udaberrian
Mendirik mendi
Sagardotegi
Berriak
Ezan faltako
Onen itz neurri
Asetu arte
Gustiak.

Orain dala-ta
Ogetamar urte
Arrastia baten
Pasayan.
Lendabiziko
Bertso ziriya
Sagardo-tegi
Leyuan.

Neuk entzun nendun
Irri-barreka
Gazte umori
Zolia:
¡Ia Txirrita!
Zerbait esayok
Ataraik eure
Xaltxia…

sortze data: 2016-06-02 / eguneratze data: 2024-09-27