Arrieta Irizar, Manuel

Manuel Arrieta Irizar (Altza, 1949) txikitatik txirrindularitzari pasio osoz lotuta egon da, hasieran txirrindulari bezala eta gero txirrindularitza-talde desberdinetako laguntzaile gisa. Bere garai onenak Reynolds-Banesto taldean eman zituen 1981-2003 urte bitartean. Egun erretiratua dago.

Biografia

Kataliñene baserriko lau anai arrebetako bat, gaztetik izan zuen txirrindularitzarekiko afizioa. Bere aita Joakin izan zen txikitan lehenego bizikleta ekarri zuena, Juan Mari Arzaken amak merkatuan emandako bizikleta jaso eta Pelegriñeneko Martxel Arrieta konpondu ondoren.

Aurrerago, Anastasi amak bizikleta berria erosiko dio eta Egia auzoan ospatu zen “Trofeo Zummy” lasterketan lortu zuen bere lehenengo garaipena, 1966. urtean. Ondoren, Hernaniko “Memorial Gervais” lasterketan Gipuzkoako txapelduna izan zen eta Pasai Antxoko Romeral Pequeño tabernan “Manuel Arrieta” izeneko jarraitzaile-talde bat sortu zen.

Bere ibilbide profesionalak ez zuen gehiegi iraun ordea eta 22 urterekin txirrinda alde batera uztea erabaki zuen txirrindularitza profesionalaren munduan beste modu batean jarraitzeko. Horrela, hurrengo hamarkadetan bere ibilbide profesionala txirrindularitza talde desberdinetan garatu zuen, laguntzaile gisa. Espainiako talde nazional desberdinetan jardun zuen baina bere urrezko urteak Banesto-Reynolds taldean igaro zituen, 22 urte ibili zen taldean lanean eta bertan maila goreneko hainbat txirrindularirekin batera lan egiteko aukera izan zuen. Horien artean, Miguel Indurain da nabarmenena, zeinekin maila profesionalean zein pertsonalean oso harreman estua izan zuen.

Data aipagarriak

  • 1966. urtean Egiako Zumy saria irabazi zuen bertan egin zen Egiako Lehenengo Txirrindulari Lasterketa.
  • 1971-1981 Espainian maila nazionaleko selekzioko laguntzailea.
  • 1981-2003.Reynolds-Banesto taldeko laguntzailea izan zen.

Erreferentziak

sortze data: 2012-10-04 / eguneratze data: 2015-07-02