Kokapena
Arriberri, 43.317616, -1.927802
Deskribapena
Tomaseneren lehen aipamena 1566. urtekoa da (“Joannes de Ronçesvalles, dueño de la casa Tomasena”). Data horretan, Casares oinetxearekin lotutako pertsonaia bat agertzen da jabe gisa. Ondorengo urteetan, titulartasuna beste familia altzatar ezagun bati lotuta egongo da: Arzak. Gaur egun, 2006az geroztik, Casares-Tomasene Kultur Etxeko liburutegia eta erabilera anitzeko gela hartzen ditu.
Baserriaren izenak hainbat aldaera izan ditu: Tomasena (s. XVI-XVII); Tomasenea (1719); Thomasenea (1764).
Oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko teilatua dituen eraikuntza da, eta gailurra perpendikularra da fatxada nagusiarekiko. Beheko solairua, lehen solairua eta ganbara ditu. Eraikuntzarako erabilitako materiala harlangaitzezkoa da funtsean, eta etxeko kantoiak eta ateak eta leiho gehienak inguratzen dituzten harriak harlanduzkoak dira.
Tomasene baserriaren balio handienetako bat da harrizko lehen baserri-belaunaldiko elementuak (XVI. mendea) edukitzea, nahiz eta eraikuntzaren zatirik handiena XVI. mendearen bigarren erdiko eta XVII. mendeko lehen erdialdeko baserrien tipologiei erantzuten dien.
Mendebaldeko fatxadaren beheko solairuan leiho biki bat dago, mainelik gabeko arku konopialak dituena. Eraikinaren barnealdetik ikusita, leihoak begiratoki baten itxura hartzen du, aurrez aurre kokaturik dauden bi eserleku dituela. Kanpoaldean jarraituz, leihoaren ezkerraldean, bao txiki bat ikus daiteke eta haren azpian hustubidea duen harri bat dago, barnealdean dagoen lixiba harri batetik datorrena. Harri horren bi aldetara, horman txertatutako harrizko bi eserleku daude. Fatxada honen barnealdean ere, arkeologoen txostenaren arabera, sarrerako bao baten aztarnak ikus zitezkeen, harlanduz eginak eta arku karpanel baten hasiera, baina eraberritze lanen ondoren ez dira ikusten. Elementu hauek guztiak eraikinaren zaharrenak direla dirudite, XV-XVI. mendekoak.
Fatxada nagusian, beheko solairuan, sarrera zabal dinteldun bat dauka eta leiho bana bi aldeetara, guztiak harlanduz inguratuak. Gaur egun beirate bat ikusten den lehenengo solairuan, horma adreilu trinkoaz egina zen, egurrezko armazoia zuena, eta lau balkoi kareldunak zeuden. Ganbarak bi leiho zituen. Sarbideko atari nagusiak lurrean hareharrizko harlauzak eta erreka-harriak zituen. Ezkerraldean, baserria inguratzen zuen hormaren hondarrak gelditzen dira.
Ekialdeko fatxada harlangaitzezkoa da eta, bertan, sarrera dinteldua baino ez da nabarmentzen, harlanduz inguratua, eta bao txiki. Lehenengo solairuan, fatxada nagusian bezala, beiratearen espazioa adreiluzko eta egurrezko armazoi batek betetzen zuen, eta hiru leiho.
Atzeko fatxadan, kultur zentrorako sarrera dago. Sarrera dinteldua du beheko solairuan, hiru leiho lehen solairuan, eta jatorrizko ganbaran beste bi zeukan. Bao guztien inguruak harlanduzkoak dira. Gailurrean, jatorriz, horman sartuta zegoen gurutze bat zuen, eta, tamalez, birgaitze-lanetan desagertu zen.
Erreferentziak
- Altzako Tokiko Bilduma: Tomasene
- CALVO, Ángel Mª; LOPEZ, Manuel: Cruces de piedra en cumbreras y fachadas de caseríos guipuzcoanos – entre el Bidasoa y el Urumea. In: Altza Hautsa Kenduz II (1994), Altzako Historia Mintegia, 85-96 orr.
- “Por el alumbramiento de un nuevo Tomasene” In: estibaus.info (2002-10-01)
- “Sobre Tomasene” In: estibaus.info (2003-06-01)
- “Tomasene sin cruz” In: estibaus.info nº (2004-10-01)
- AHM: Altzako euskarazko kronikak (1921-1936). Artiga Bilduma 7. AHM, 2010, 67 or.
- ALKAIN SORONDO, Pía: “Caserío Tomasene”. In: Arkeoikuska 2004, 410 or.
- HERRERAS MORATINOS, Beatriz: Altza Historia y Patrimonio. Artiga Bilduma 4, Altzako Historia Mintegia (2001), 25-27 orr.
- LANDA IJURKO, Iñigo: “Altzako etxeak eta baserriak dokumentuetan”, In: Altza, Hautsa Kenduz XII (2013), 21-67 orr.
- ROQUERO USSIA, Mª Rosario: La vida cotidiana en Altza en los siglos XVII y XVIII. Artiga Bilduma 2. Altzako Historia Mintegia (1997), 27,75, 95 orr.
- ZAPIRAIN, David; MORA, Juan Carlos: Altza: De los cubilares al Concejo. Formación y características del régimen jurídico-político altzatarra. Artiga Bilduma 1. Altzako Historia Mintegia (1996), 26 or.