Somaten

Kutxa Fototeka

Arg.: Kutxa Fototeka

Historia

Somatenak gaizkileengandik edota gerra egoeran defentsan indar armatuei laguntzeko zibil boluntarioak ziren. Primo de Rivera diktadorea Katalunian kapitain jenerala zela somatenaren balioaz ohartu zen eta 1923. urtean, estatu kolpea eman bezain laster, probintzia guztietan ezarri zuen.

Errepublika 1931. urtean ezarri zenean gobernua desegin zuen.

Somaten Nazionala, horrela deitua, armadan integratuta zegoen erakunde aberkoia zen, eta, gure kasuan Seigarren Erregio Militarrean txertatuta. Ezarpenaren dekretuan (1923-09-18) somatenen ezaugarriak zehazten ziren: “23 urtetik gorako gizonezkoak, moraltasunez jokatzeagatik ezagunak, eta bizi diren herrian lan egiten dutenak”.

Hemeroteka

  • La Voz de Guipúzcoa, 1924ko martxoaren 11n: Gipuzkoako hainbat udalen “atxikimendu gartsu eta aberkoien” berri ematen da, Altzakoa tartean dagoela.
  • El Pueblo Vasco, 1924ko martxoaren 18an: Gipuzkoako somatenaren osaketa ofizialari buruz hitz egiten du, Donostiako Victoria Eugenia antzokian igande 16an egin zena. Ekitaldira, kronikaren arabera, milatik gorako somatenek parte hartu zuten eta, amaitu zutenean, espainiar aberriaren goratzeko antolatutako Gipuzkoako Egunaren ospakizun zibiko-militarrean parte hartu zuten.
  • ABC, 1928ko maiatzaren 1ean: Bidebietako Tiro Nazionalean igandean 30ean [29 behar luke] Somatenaren zaindaria zen Montserrateko Amaren omenez egindako ospakizunen berri ematen du. Egun osoko egitaraua izan zuten —aire zabaleko meza, tiro txapelketa, oturuntza, eta postreekin batera hitzaldiak— eta denera 300 bat somaten gipuzkoarrek parte hartu zuten. [1]

Deskribapena

Fusilek daramaten uhalei erreparatzea da somatena identifikatzen duena: bi koloredunak, gorria eta horia, alegia. Uhalek “Somatén Nacional – 6ª Región Militar” testua zeramaten serigrafiaturik. Papar hegalean, bestalde, erakundearen ikurra eraman behar zuten derrigorrez: xingola hori eta gorri bat errege armarriarekin, eta somatenen txartela.

l11212

Arg.: Miren Mendarte Casares

Ondoko argazkian identifikatuak daudenak hauek dira: Alejandro Otegi, alkatea, aurre-aurrean, kapela buruan; Santiago Casares, udal epailea izan zena; Jose Casares; Jose Igerategi, aguazilen kaboa; eta Luis Aranburu, udal kontularia.
Baioneta daramaten fusilak seguruenik “Remington” markakoak dira, Kubako gerraren garaikoak, garaiz kanpokoa. Alkateak “Destroyer” karabina bat darama, arma denda batean eros zitekeena eta pistola balak erabiltzen zituena. Arma hori eta “Tiger” izenekoa (argazkian ez da ageri) Somatenaren ohikoenak izaten ziren. Gainontzeko guztiek ehizako eskopetak daramatzate. Erabiltzen dituzten arma eskasak ikusita, agerian geratzen da Somatenaren funtzioa ez zela militarra, ideologikoa baizik.

Erreferentziak

sortze data: 2021-03-18 / eguneratze data: 2021-03-22