Andoni Kortajarena Aginaga (Herrera, 1915-01-16; Intxaurrondo, 1999-11-12).
Asteasuko Jose Manuel eta Aginagako Maria Josefaren semea. Zortzi senide izan ziren. Hamalau urterekin, familiaren beharrak bultzatuta, ikasketak utzi eta lanean hasi zen.
Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin arren, bere familiak euskaraz hezi zuen, bere bizitza guztian euskara landu eta sustatu zuen.
Hogeita bat urte zituela, 1936. urtean, Gerra Zibila hasi zen eta Saseta Batailoian gudari gisa parte hartu zuen, Euzko Gudaroztean. Intxorta mendian (Elgeta), zauritu eta Laredon (Kantabria) preso egin zuten. Kontzentrazio eremu desberdinetatik igaro ondoren, eta langileen batailoian eta kuartelen batean zerbitzu militarra egin ostean, 1941eko abenduan aske geratu zen.
Jarduera desberdinetan lan egin ostean, kontatzaile ezarri zen, 1980. urtean jubilatu zen arte.
1943. urtean Juana Lesmes Sarasti oiartzuarrarekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba eta lau biloba izan zituzten.
Bere izaera mugikor eta parte-hartzaileak bizitza osoan zehar jarduera desberdinetan parte-hartzea bultzatu zuen, Herrerako San Luis Gonzaga eta Mirakruz gaineko Santa Kruz parrokiarekin eta Herrerako San Luis (La Salle) ikastetxearekin elkarlanak egitera, hala nola euskararen zein euskal folklorearen hedapenean parte- hartzera.
Komunikabide desberdinekin lan egin zuen, euskarazkoak gehienak, KORTARA ezizena erabiliz. Haien artean: Zeruko Argia (1967-1972), Goiz Argi (1974-1975), Deia (1983-1986), Euzkadi (1979-1983), ZER, El Diario Vasco (1989-1996) eta Radio La Voz de Gipuzkoa.
Euskerazaintzaren (Euskeraren Erri Akademia) kide izan zen. Latxagak, akademia honetako kide garrantzitsua zenak, Andoni “Euskeraren gudaria” izendatu zuen eta bere idazkeraz honela adierazi zuen “Erabiltzen duen euskerak ba du txinparta, garbitasuna eta erro egokiak. Asko lantzen ditu lerroak”.
Euskal Telebistaren hastapenean, 1980. urteko hamarkadaren bigarren erdian, Eresoinkarako lan egin zuen, euskararako gidoien itzulpenean, filmetako azpititulu eran erabiltzeko.
Altzako Historia Mintegiak argitaratutako Altza Hautsa Kenduz bilduman 1994, 1996 eta 1997 urteetako argitalpenetan, hainbat artikulu idatzi zuen.
Herrerako festetako egitarauan ere parte-hartu zuen, artikuluak idatziz, urte askotan zehar. Era berean, Intxaurrondo Primera Página aldizkarian 1989-1992 urte bitartean.
PNV eta beranduago EA-ren kultur ekintzen barnean parte hartu zuen, Euskal dantzen irakaskuntzan, euskara klaseak emanez… Bere gaztaroan dantzaria izan zen eta antzerkietan agerraldiak egin zituen.
1985. urtetik aurrera eta hainbat urtetan zehar, literatura ekimenak garatu zituen, euskaraz soilik, hainbat lehiaketatan parte-hartuz, gehienak jubilatuentzat, emaitza onak lortuz. Horien artean:
- 1985. Lehen saria ipuinetan “Zaartzaro eztitsu”ari esker, jubilatuentzat Donostiako udaletxeak antolatutako lehenengo literatur lehiaketan.
- 1986. Lehen saria ipuinetan “Urgull, mendi maitagarria”ri esker, Urgull mendiko lagunek antolatutako literatura lehiaketan.
- 1988. Lehen saria ipuinetan, Donostiako udaletxeak jubilatuentzat antolatutako lehiaketan.
- 1988. Laugarren postua ipuinetan, Euskerazaleak Alkarteak antolatua, “Okela bikain eta merkea”ri esker.
- 1989. Lehen saria ipuinetan, Gipuzkoako jubilatuen elkarteak antolatutako lehiaketan, “Pello Joxe eta Pirmin´en amets osatugabeak”-ri esker, eta hirugarren postua “Inazio Mari´ren balio gutxiko altxorra”ri esker. Bigarren postua olerkigintzan “ Aurrerapenen ondorio mikatza”ri esker.
- 1993. Bigarren postua ipuinetan, Euskerazaleak Alkarteak antolatuta, “Aitona sinisgogorra”ri esker.
- 1997. Hirugarren saria ipuinetan, Euskerazaleak Alkarteak antolatuta, “Pantxika anderea eta merkealdiak”ri esker.
Erreferentziak
- Altzako Tokiko Bilduma: Andoni Kortajarena Aginaga, idatziak eta dokumentuak
- KORTAJARENA SARASTI, Jose Antonio: “Andoni Kortajarena, “Euskeraren gudaria“”, In: Altza, Hautsa Kenduz X (2009), 9-40 orr.
- KORTAJARENA, Andoni: “Herrera’tar zaar baten bizikaskizunak”, In: Altza, Hautsa Kenduz II (1994), 9-22 orr.
- KORTAJARENA, Andoni: “Garai bateko sagardotegietako ohiturak”, In: Altza, Hautsa Kenduz III (1996), 13-18 orr.
- KORTAJARENA, Andoni: “Herrera auzoko garbi-tokia eta garbiketariak”, In: Altza, Hautsa Kenduz IV (1997), 61-64 orr.
- “Andoni Kortajarena gogoan” In: estibaus.info (1999/12/16)
- ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA: Altzako euskarazko kronikak (1921-1936). Artiga Bilduma 7. Altzako Historia Mintegia (2010), (K 97) 76 or.
- KORTAJERENA, Andoni: “Aurtengo bertsoak” In: estibaus.info (2009)