Kokapena
Molinao, 43.312474, -1.920933
Hiltegia tamaina txikiko eraikina da eta Molinao errekaren eta zubiaren ondoan dago. Ehun urte baino gehiago dauzka eta udalaren jabetzakoa da.
Erdi Arotik, errepide nagusia eraiki eta XIX. mendearen erdialdera arte, Molinao Donostia Errenteriarekin lotzen zuen galtzadaren puntu garrantzitsua zen. Toki horretan, errekak marea altuarekin konektatzen duen leku horretan, dokumentuetan “molino nuevo de Alça” aurkitzen dugu 1448. urtean, alegia Molinao, gaskoi hizkuntzan. Errotaren ondoan zubi bat altxatu zuten erreka badatzeko, eta horren berri dugu XVI. mendetik aurrera, probintziako Batzar Nagusiak bertan egin nahi zituzten konponketengatik. Gertu dagoen Sasoategi baserria eta Santa Barbarara igotzen den galtzada zaharraren zatia, une honetan sasitzaren azpian ezkutatuta, bizirik irauten duten industrializazioaren aurreko garai horien lekukoak dira.
XIX. mendearen erdi aldean, errepide nagusia eraikitzeak eta, horren ondorioz, padurak lehortzeak bidea zabalduko dio industrializazioari eta populazioaren hazkundeari. Luzuriaga, Campsa, eta Papin industrialdea bera dira horren erakusgarri. Eta babestu nahi dugun hiltegia historia horren parte da. Elikagaiak ekoizteko modu berriak, haragikoak kasu honetan, eta garai hartako ikuspegi higienista bat, hiltegi publikoaren sorrera bultzatuko dute eta 1890. urterako hiltegi honen berri izango dugu Molinaon. Urte horretan ere, Madrilgo garaiko Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, Molinaoko paduran itsasoari irabazi zitzaizkion lurrak Altzako jurisdikziotik Pasaiara igaro behar dira, eta horrek eragina izango du hiltegiak bi udalek jabetza partekatua edukitzea, Altzako aldean egon arren.
1923an, hiltegiaren erreforma bat proiektatu zen. Bertan, eraikinaren barrualdea erditik zatitzen da, erdibana udalerri bakoitzarentzat, eta, aldi berean, instalazio berri bat zabaltzen da hegoaldetik, eraikinari gaur egun duen azalera emanez.
1956ko urtarrilean, Pasaiako Udalak hiltegiaren berriztapena inauguratu zuen. Bertan, bere kontuz egindako obretan, nabearen barruko banaketa kenduko du eta, errekaren beste ertzean, zaldi haragirako hiltegi bat egingo du errekaren beste aldeko pabiloi txiki batean, aurrekoa soilik behi- eta txerri-aziendararako erabiliz. Inaugurazioan, Pasaiako alkatea, Donostiako alkatea eta gobernadore zibila egongo dira.
Hamarkada bat geroago, hiltegiaren jarduerak behera egin eta erabilera utzi zuen, gaur arte. Orain, 2019ko uzatailaren 5eko prentsaren bitartez jakin da Udalak hiltegia eraisteko duen proiektuaren berri.
Erreferentziak
- Altzako Tokiko Bilduma: Molinaoko hiltegia
- HERRERAS MORATINOS, Beatriz: Altza Historia y Patrimonio. Artiga Bilduma 4, Altzako Historia Mintegia (2001), 70. or.
- “Reforma del matadero de las Villas de Pasajes y Alza”, 1923. Donostiako Udal Agiritegia, Altza Funtsa, D-03 005-38
- 1956. urteko argazki sorta: GureGipuzkoa (Pasaiako Udala)
- La Voz de Guipúzcoa – 1890-11-10
- La Voz de España, 1956-01-06; El Diario Vasco, 1956-01-06
- Noticias de Gipuzkoa, 2019-07-05