Ongi etorri Altzapedia gunera
ERNE ERABILTZEAN, EDUKIAK BEHIN-BEHINEKOAK DIRA ETA
Aurkezpena
Leku hau entziklopedia altzatar bat egiteko saiakera da, ahalegin bat Altzari buruz orain arte bildutako informazioa taxuzko eran eskaintzeko. Tresna digital hau kontsultarako ez ezik parte hartzeko ere gonbidapena da, dauden sarrerak osatzeko eta berriak sortzeko. Entziklopedia bat ezin da inoiz bukatutzat eman, eta are gutxi hau bezalako entziklopedia xume bat, bitarteko gutxirekin egina, baina, beharra gidari erabiliz, arrautzatik atera eta Internetera salto egin du hazteko eta Altzaren gainean dagoen ezagutza handitzeko gogoz.
Iturriak eta erreferentziak
Artikuluak idazteko Altzako Tokiko Bildumaren funtsa eta Altzako Historia Mintegiak argitaratutako liburuak (www.altza.net) izan dira oinarrizko iturriak. Entziklopediaren sarrera bakoitzak gutxienez erreferentzia bat edukiko du, bibliografikoa zein dokumentala, aurrerago artikulu bat garatzeko baliagarria izan daitekeena.
Aurrekariak
- “Altza, laburbilduz” (1996), Altzaren Historia oinarrizko zazpi fitxetan biltzen duen txostentxo bat, AHMk egina Altzako Tokiko Bildumaren baitan.
- 2002 eta 2005 urte bitartean, AHMk Herri Ametsa Ikastolaren urteko aldizkarian “Malobra. Orotariko Hiztegi Altzatarra” argitaratu zuen. Izenburua hantuste xamar horren atzean hitz eta izen zerrenda xume bat dago, edukietan oso irregularra eta egile ezberdinez osatua, bakoitzak gustuko gaia, edukia eta tratamendua aukeratuz.
- 2012. urtean entziklopediaren lehen urratsak ematen dira, webgunea sortuz eta AHMren argitalpenetan jasotako datuen hustuketa eginez (gaiak, lekuak, eta pertsonak).
- 2016an Altzapedia zabalik.
Egiletza
Altzapedia AHM – Altzako Historia Mintegiaren ekimena da eta zorretan dago hogeita hamar urteko ibilbidean izan dituen bidaideekin. Aurrera begira, elkarlanari eusteko asmoa du eta beste pertsona eta elkarteei zabalik egongo da. Harremanetan jartzeko ahm@altza.net helbidera idatzi.